Toribio Noain Arzac argazkilariaren oinordekoek haren izena duen funtsa eman diote dohaintzan Kutxa Fototekari.

Beirazko xafletan gordetako 32 negatibok, XX. mende hasierakoak, osatzen dute funtsa. Argazki batzuk familian eginiko irudiak dira; beste batzuk, Novedades aldizkariaren erreportajeetan argitaratutakoak.

 

Toribio Noain Arzac (Oiartzun, 1878 - Donostia / San Sebastián, 1950)

Toribio Noain argazkilari emankorrak lotura estua izan zuen Novedades aldizkariarekin. Argitalpen horren akziodun izan zen, eta gerente lanak ere egin zituen. Aldizkariaren ale ia denek Noainen argazkiak argitaratu zituzten. Argazki batzuk «Urcabe» ezizenez izenpetu zituen, bere jaioterriko –Oiartzun– mendiari erreferentzia eginez; beste batzuetan, abizena erabili zuen.

Toribio Noainek gerraondoan eginiko lan esanguratsuenen artean, nabarmentzekoak dira Estampas de la Guerra izenburupean argitaratutako 6 albumak, gerra zibileko hainbat unetan eta fronteetan ateratako irudiak biltzen dituztenak, Donostiatik hasita. Toribio Noain album grafiko horien administratzailea eta zuzendaria izan zen.

Nahiz eta ez diren gehiegi, Kutxa Fototekari emandako funtsetik at, Noainen argazki originalak aurki ditzakegu ere beste bilduma batzuetan: besteak beste, Eusko Ikaskuntzan, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioan eta San Telmo Museoan.

Kutxa Fototeka

Toribio Noain Arzacen familiaren dohaintzak osatu egingo du Kutxa Fundazioak bere fototekaren bidez babesten, ikertzen eta zabaltzen duen argazki ondarea.

1973an sortua, Marín eta Photo Carte funtsak eskuratzeaz bat, Kutxa Fototekak 1.500.000 objektu fotografiko baino gehiago bildu ditu urte hauetan guztietan, gaur egun hogeitik gora funts eta bildumatan banatuak daudenak.

Kutxa Fototekaren argazki funtsak ezin hobeto erakusten du Gipuzkoako XIX. eta XX. mendeetako historia politikoa, soziala eta kulturala, eta lurralde horren memoria gordetzen duen argazki artxibotzat har daiteke.

kutxateka.eus


Prentsa-oharra (word-a)

NOAIN 05   NOAIN 16