Filosofia haurrentzat

09 Urria 2021 17:00 – 18 Abendua 2021 18:30


Askatasuna. Infinitua. Maitasuna. Bizitzaren jatorria eta zentzua. Justizia. Heriotza. Zoriontasuna. Edertasuna…

Haurrek, txiki-txikitatik, hainbat gai liluragarriren inguruko galdera zailak egiten dizkiete euren buruari eta helduei. Neska-mutilak filosofatzera ausartzen dira. Jaiotzez dira filosofoak.

Jakin-min horrek hausnarketa sakonerako espazioak eskatzen ditu. Haur pentsalari talde honetan parte hartuko duten neska-mutilak gai horien inguruko elkarrizketa filosofikoan arituko dira, giro lasai eta ludikoan. Joko, ipuin, artelan eta bestelako baliabideak abiapuntutzat hartuta, pentsamendu kritikoa, sortzailea eta arretatsua trebatu ahal izango dituzte; goi-mailako pentsamendu konplexua landuko dute.

Helburu horretara gerturatzeko, hainbat gaitasun garatzen joango dira. Alegia: hautematea (arretaz behatu, entzun…), ikerketa (hipotesiak formulatu, alternatibak bilatu, imaginatu…), kontzeptualizazioa (definitu, adibideak eman, kontrastatu…), arrazonamendua (arrazoiak bilatu, zergatiak eta ondorioak erlazionatu, bitartekoak eta helburuak erlazionatu…), itzulpena eta formulazioa (deskribatu, interpretatu, laburtu…).

Hori guztia, dibertitzen diren bitartean!

 

NON: Kutxa Kultur (Tabakalera, 4. solairua). Donostia/San Sebastián

ADINA: 8-11 urte

NOIZ: 6 saio haurrentzat eta 1 gurasoentzat edo beste senitartekoentzat:
2021eko urriaren 9a eta 23a
2021eko azaroaren 6a eta 20a
2021eko abenduaren 4a eta 18a (azken saioa bikoitza izango da, haurrak areto batean egongo dira eta familia beste batean)

ORDUTEGIA: larunbatak, 17:00 -18:30

HIZKUNTZA: euskara. Gurasoen saioa elebitan, taldearen beharren arabera

Izen ematea doan: 2021eko irailaren 10etaik urriaren 6ra HEMENHaurraren izen ematearekin, aita, ama edo tutore legalaren izena ematen da ere.
Eskura izan behar duzu familia-liburuaren dokumentu digitala, hau da, liburu horren argazkia edo eskaneatutako dokumentua inskripzioan erantsi ahal izateko.


Guraso eta beste senitartekoentzat saioa: abenduak 18an

Zuen seme-alabek esperientzia aberasgarri batean parte hartu ahal izango dute. Zertan aritu diren jakin nahi al duzue? Elkarrizketa filosofikoa zer den ulertzeko gogoz al zaudete? Barruan daramazuen filosofoa ezagutzeko prest?

Haurren seigarren saioaren egun berean, guraso eta gainontzeko senitarteko helduak filosofatzera gonbidatuta zaudete. Haur Filosofia hezkuntza proiektuak proposatzen dituen baliabideak ezagutu ahal izango dituzue, etxeko egunerokotasunean erabili ahal izateko.

Zuek ere izugarri ondo pasako duzue bizitzaren misterioei buruz modu sakonean hausnartzen duzuen bitartean!


FilosofiaGaztedi21   FilosofiaGaztedi2021