Gaur goizean, Tabakalerako laugarren solairuan, Kutxa Kultur Modaren edizio berria aurkeztu da. Jada aukeratu ditu programak urtebetez Tabakalerako instalazioetan beren gunea izango duten egoiliarrak; beste diseinatzaile batzuekin partekatuko dute, elkarbizitza eta lankidetza sorkuntza-iturritzat hartzeko apustu komuna baitute; aurkezpenean diseinatzaile berri hauek sorturiko lanetako batzuk ikusi dira.

Hautespen-batzordeak, AEG moda-eskolak, Donostia Sustapenaren Moda Klusterrak, Balenciaga Museoak eta BIAAFek (gorabidean dauden diseinatzaileen mundu-mailako plataformak) oso positiboki baloratu dituzte lanen kalitatea eta bost hautatuek aurkezturiko proiektuak; aurten honako hauek izan dira: 

  • Clara Virgili
  • Samuel Ruiz
  • Gino Rojas
  • Nuria de Oliveira
  • Marta Arribas

Aukeraketa egiteko orduan kontuan izan diren alderdiak hauek dira: bildumaren kontzeptua, egitea, originaltasuna, merkataritza- edo arte-ibilbidea, eta iraunkortasuna.

2018ko urtarrilaren 27an izango da, Kutxa Kultur Plazan, hautaturiko diseinatzaileen aurkezpen-desfilea.

 

171004 SeleccionadosModa1200

Hautaturikoek izango dutena

Programa hau Kutxa Fundazioa azken zazpi urteotan sustatzen ari den proposamena da, moda-sorkuntza eta diseinuaren munduari gure probintzian laguntzeko, sorkuntza-eremu honetan esku hartzen duten eragileen artean sareak ehuntzeko helburuaz, eta honela azkenaldian neurri batean hautsitako balio-katea berrezartzen laguntzeko. Besteak beste, ikastaroak eta hitzaldiak eskainiko ditu eta, batez ere, Gipuzkoako diseinatzaileen talentua zabaltzen lagunduko duten era guztietako ekintzak aktibatuko ditu. Kutxa Fundazioaren programa honek laguntza eman nahi die gorabidean dauden edo amateur diren diseinatzaileei, Gipuzkoan jaioak edo bertan bizi direnak izan, programak bertako talentua sustatzea bilatzen baitu gure lurraldean modaren sektorean lanpostuak sortzen laguntzeko helburuarekin.

Bost diseinatzaile hauek Kutxa Kultur Fabrikan izango duten gune iraunkorrean, aholkularitza juridikoa eta prestakuntza ekonomikoa jasoko dituzte profesionalizatzen laguntzeko; prestakuntza tekniko berariazkoa eta banan-banakoa; Kutxa Kultur-ek nahiz beste eragile batzuek sustaturiko ekitaldietan parte hartzeko aukera; ordezkaritza, sustapena eta zabalkundea, Gipuzkoa barruan nahiz kanpoan, beraiek sortutakoak merkaturatzeko bide gisa.

Masterclass bat jasoko dute Balenciaga-n museoarekin egindako hitzarmenari esker, gutxienez bi desfile, Showroom/topaketak Gipuzkoako Kutxabank bezeroekin, sustapen-bideoak, eta zabalkundea eta sustapena hedabide espezializatuetan.

Eta beren eskura izango dute ekipamendu garrantzitsua ere: josteko makina industrialak; ebaketa zirkularreko eta puntada ikusezineko makinak; manikiak; bulego partekatua ordenagailu, inprimagailu eta eskanerrarekin; bezeroei arreta emateko showrooma; baita hitzaldi-aretoa eta moda-ibiltokirako lekua ere.