Balerdi (1934-1992) | erakusketa Kubo-kutxa aretoan

09 Ekaina 2017 11:30 – 24 Iraila 2017 21:00


Rafael Ruiz Balerdiren erakusketa antologikoa. Artista hil zenetik 25 urtera, bere jaioterrian egin nahi zaion omenaldia da erakusketa hau.

Erakusketan, egile emankor honen 98 obra daude bilduta; tartean, olio-margolanak, marrazkiak, bere “klarion” ezagunak eta Homenaje a Tarzán I: La cazadora inconsciente (Tarzani omenaldia I: ehiztari inkontzientea) filma. Sortzaile kartsu, oldarkor eta energiaz betea da Rafael Ruiz Balerdi, eta bere obra koloretsuek aukera ematen digute egilearen keinuak, marrak eta mugimenduak imajinatzeko. Bere konposizioetan suma daitekeen erritmoa, zehazki, artistak musikarekiko duen interesaren ispilua da.

Obrak hainbat bilduma pribatutakoak eta hainbat erakundetakoak dira: besteak beste, Kutxa Fundazioa, Artium, BBK, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Laboral Kutxa eta Nafarroako Unibertsitatearen Museoa. Erakusketako pieza ugari Bilboko Arte Ederren Museokoak dira, bai eta artista honek museo horretan utzitako ondarekoak ere. Bilboko Arte Ederren Museoaren lankidetzari esker, Balerdiren ibilbideko piezarik garrantzitsuena jasoko du erakusketak; hain justu, formatu handiko El Gran Jardín (Lorategi Handia) olio-margolana.

 

Artista

Rafael Ruiz Balerdi (Donostia, 1934 - Alacant, 1992).

Nerabezaroan, paisaien eta erretratuen hasiera figuratiboa izan zuen. 1955ean, berriz, Eduardo Txillida adiskideari esker, nazioarteko abangoardiaren hizkuntzak ezagutu zituen, eta Kubismoaren zein Espazialismoaren eraginpeko obrari heldu zion. Hamarkada horretako azken urteetan, Goyaren margolan beltzen eta Europako Abstrakzio Lirikoaren eraginez, arnas poetiko handiko obra oso fin eta egikaritze sentsualekoa margotu zuen. 1960. urtean, behin betiko haustura etorri zen, eta muturreko informalismorako bidea hartu zuen, bere prozesurik originalerako atea ireki ziona.

 

Balerdi (1934-1992)

Kubo-kutxa Aretoa (Zurriola, 1. 20002 Donostia)

  • 2017ko ekainaren 9tik irailaren 24ra
  • Asteartetik igandera: 11:30-13:30 // 17:00-21:00
  • Komisarioa: Javier Viar Olloqui
  • Sarrera doan

 Kubo Balerdi3x1